XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bazko-biharamunean, apirilaren 20-an

Ziburutik eta Lekornetik jende multzo eder bat bildu da Meza-nausirat.

Fraidetzen zitzaizkigun bi gazteen etxekoak.

Bat Ziburutarra Gérard Leiceaga, bertzea Lekondarra Daniel (J.-B.) Hiriart.

Bi dizipulu bazoatzin... Emauztarren ebanjeliotik erakaspen sarkorrak eman dizkate aita Abadeak; eta gero hitz berezi bat etxekoeri: Badakite biek zer zor dioten aitameri, aitatxi-amatxiri eta etxeko guzieri; zer zor dioten herriko apez eta fededuneri.

Beren otoitzetan, beren lan ta sakrifizio ixiletan ez zaiote, Jainkoaren aintzinean, ahantziko.

Ez pentsa, haatik, orai bide onean, bide segurean abiatuak direla eta ez dutela gehiago zuen laguntzaren beharrik.

Bide saindu eta ederra hartu dute, bainan bide zaila.

Bakean eta bozkariotan ibiltzeko, beharko dute ainitz gauzeri uko egin eta beren burua goiz guziz Jainkoari eman.

Fraidetu semearentzat otoitz egizue egun guziez; artetan ager zozue zuen sinestea, haren sinestearen azkartzeko.

Sekulan baino gehiago beharko duzue harekin otoitzez ta bihotzez bat izan.

Eta, saindutzen bada, zer irabazia etxeko guzientzat, bai mundu huntako gora-beheretan, bai Jainkoa ganat joaiteko tenorean.

Hitzaldiaren ondotik, egin dituzte biek hiru urteentzat lehen agintzak.

Jauna hartzerakoan, beneditanoek Piztu da Kristo kantuaren koplak eman dituztenean, Ziburutar Lekondarrek eman dute kartsuki baino kartsukiago errepika.

Apirilaren 21-an, fraidegai sartu da Baionako gazte bat.

Sei ilabete bazen gurekin zagola; gogoetak eginik, lehen urratsa egitea erabaki du.

Arrats oroz bezala, fraide guziak bildurik, ongi etorria egin dio aita Abadeak eta zenbeit kontseilu eman: Aspaldiko denbora garratzetan, ba omen ziren bi gazte, fraiden artean, zenbeit ilabetez bizi ondoan, mundurat eta hirirat itzuli zirenak.

Han gaizki eta bekatutan ibili ziren.

Urrikiturik fraidetarat itzuli ziren.

Fraide xaharrek (egia edo ez egia, ongi pentsatua) egin zuten: gazte horien frogatzeko, behar zirela urte oso batez berex ezarri harpe zilo batean.

Sartzea tapatu zuten eta egun oroz bieri emana zitzaioten jateko bera.

Urtea bururatzean harpe zilotik atera ziren bi gazteak: bat mehe-mehea zen, hexur eta larru, begitartea ilun eta eroria; bertzea gizen-gizena eta begitarte arraiekoa.

Harriturik egon ziren fraide xaharrak; bi gazteri galdegin zioten nola zitaken bat hain mehe, bertzea hain gizen eta alegera.